Albisteak

ImagenNoticia

12/06/2026 12:01

Bermeoko Udalak BIZTU BERMEO martxan jarri du, herritarren osasun fisikoa eta mentala sustatzeko.

todos2

Bermeoko Udalak BIZTU BERMEO Jarduera Fisikoaren Orientazio Zerbitzua jarri du martxan. Gizarte Ongizate Sailak sustatutako eta Kirol Sailaren lankidetza estuari esker garatutako ekimen berriaren helburua da herritarren artean jarduera fisikoaren ohiturak sustatzea, bereziki jarduera fisiko gutxi egiten duten edota ariketa fisikoa egiteko zailtasunak dituzten pertsonen artean.
Jarduera fisikoa erregulartasunez egiteak onura ugari dakartza osasun fisiko eta mentalean, eta eraginkorra da hainbat gaixotasunen prebentzioan nahiz tratamenduan. Premisa horretatik abiatuta, BIZTU BERMEOk herritarrei laguntza pertsonalizatua eskainiko die, jarduera fisikoa beren eguneroko bizitzan txertatu eta ohitura osasungarriak sendotu ditzaten.
Zerbitzuaren bidez, orientatzaile espezializatu batek erabiltzaile bakoitzaren egoera, beharrak, aukerak eta lehentasunak aztertuko ditu, eta horien arabera jarduera fisikoko programa pertsonalizatua diseinatuko du. Halaber, erabiltzailearekin adostutako helburuen jarraipena egingo da, jarduera fisikoa modu egonkor eta iraunkorrean mantentzea errazteko.

Zerbitzuaren ardura Iñigo Iriondo Duke bermeotarrak izango du, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietan graduatuak. Herrian jarduera fisikoa eta kirola egiteko dauden baliabide eta aukeren ezagutza zabala izanik, erabiltzaile bakoitzari bere egoerara hobeen egokitzen den jarduera proposatu ahal izango dio.

BIZTU BERMEOren ezaugarri nagusietako bat osasun publikoaren arloko profesionalekin izango duen lankidetza estua izango da. Anbulategiko profesionalek herritar bati jarduera fisikoa egitea komeni zaiola iritziz gero, orientazio zerbitzura bideratu ahal izango dute. Horretarako, “kirol-errezeta” agiria beteko dute, eta erabiltzaileak dokumentu hori aurkeztu beharko du orientatzailearekin izango duen lehen kontsultan.

Lehenengo hitzordu horretan, erabiltzailearen bizi-ohiturak aztertuko dira, eta haren egoerara egokitutako ariketa fisikoaren proposamena egingo da. Zein jarduera egin, zer maiztasunekin egin eta zein jarraibide bete zehaztuko da, eta ondoren ezarritako planaren jarraipena egingo da. anbulategiarekin batera, udaleko Gizarte Ongizate Sailarekin ere lankidetza sustatuko da, herritarren arreta integrala bermatzeko.

Programaren eginkizun nagusiak

Zerbitzu berriaren eginkizun nagusien artean daude jarduera fisikorik egiten ez duten edo oso gutxi egiten duten pertsonak identifikatzea; zerbitzura jotzen duten herritarren jarduera fisikoaren maila eta bizi-ohiturak ebaluatzea —elikadura, lan-bizitza, gizarte-bizitza eta jarduera fisikoaren historia kontuan hartuta—; jarduera fisikoaren onurei eta zerbitzuaren funtzionamenduari buruzko informazioa ematea; eta pertsona bakoitzaren ezaugarri, egoera sozial eta gustu pertsonaletara hobeen egokitzen diren jarduerak identifikatzea.

Era berean, jarduera fisikoa egiten ez dutenei edo behar bezala egiten ez dutenei aholkuak eskainiko zaizkie, eta aholkularitza eskatzen duten pertsonek programa pertsonalizatuak jasoko dituzte. Programa horiek jarduera fisikoari buruzko fitxa pertsonalizatu baten bidez zehaztuko dira, eta bertan jasoko dira egin beharreko ekintzak eta zereginak, maiztasuna, iraupena, intentsitatea, jarduera osagarriak eta kontuan hartu beharreko gainerako gomendioak.

BIZTU BERMEO doako zerbitzua izango da herritar guztientzat.

Ekimenaren bidez, Bermeoko Udalak beste urrats bat eman du herritarren osasuna, ongizatea eta bizi-kalitatea sustatzeko politiketan, osasun, gizarte eta kirol arloetako eragileen arteko lankidetza indartuz.

 

 



Atzera







logo del cliente

kirola@bermeo.eus

010 (946 179 180)

ARENEKO KIROLDEGIA

Arene auzoa z.g.- 48370 Bermeo