
Biztu Bermeok ibilketa nordikoa ezagutzeko doako tailerra antolatu du abendurako.
Hiru saioko ikastaroa 16 urtetik gorako herritarrei zuzenduta dago, eta abenduaren 15ean, 22an eta 29an egingo da, teknika ezagutu eta praktikan jartzeko.
Jarduera Fisikoaren Orientazio Zerbitzuak, Biztu Bermeok, ibilketa nordikoa ezagutzeko eta praktikan jartzeko doako tailerra antolatu du abendurako. Ekimenaren bidez, herritarrek jarduera fisiko horren oinarriak ikasi, teknika egokia barneratu eta ingurunean ibiltzeko aukera izango dute, maila guztietara egokitutako saioetan.
Tailerra 16 urtetik gorako pertsonei zuzenduta dago, eta hiru saiotan banatuko da. Saioak abenduaren 15ean, 22an eta 29an egingo dira, martitzenetan, 16:30etik 18:30era, Gizarte eta Kultura etxea abiapuntu hartuta.
Ikastaroaren edukia hiru fasetan antolatu da:
· Abenduaren 15ean, sarrera eta oinarrizko teknika: ibilketa nordikoa zer den, haren jatorria eta onurak ezagutuko dira, baita teknika egokiaren oinarriak ere. Ondoren, lehen saio praktikoa egingo da, ikasitakoa lantzeko eta zalantzak argitzeko.
· Abenduaren 22an, praktikara eroatea: beroketa labur baten ondoren, parte-hartzaileek ikasitako teknika sendotzeko aukera izango dute, Tala, Tonpoi, Burujabetasun zelai eta inguruko eremuak zeharkatuz.
· Abenduaren 29an, ibilaldi praktikoa: aurreko saioetan landutakoa praktikan jartzeko ibilaldi bat egingo da, parte-hartzaileen gaitasun eta mailara egokituta.
Saio guztien amaieran, taldeak elkarrekin luzaketak eta lasaitze-ariketak egingo ditu.
Tailerra doakoa da, baina leku kopurua mugatua da. Parte hartu nahi dutenek abenduaren 10era arte eman dezakete izena, 684 811 788 telefono-zenbakira deituta (Iñigo) edo Areneko kiroldegiko harreran.
Makilarik eduki ezean, Areneko Kiroldegiak utziko ditu.
Ekimen honen bidez, Bermeo Kirolak herritarrak jarduera fisikoa egitera animatu nahi ditu, mugitzeko modu berri bat ezagutzeko eta ariketa fisikoa eguneroko bizitzan txertatzeko aukera eskainiz.
