NIK patrika digitala
Bermeoko Udala Eusko Jaurlaritzak garatutako NIK aplikazio mugikorrari atxikitu da, besteak beste, Bermeoko kiroldegiko eta liburutegiko erabiltzaileei txartel fisikorik erabili gabe zerbitzuak erabiltzeko aukera emango dien tresna; hemendik aurrera, nahikoa izango da QR kode bat edo telefono mugikorretik barra-kode bat erakustea zerbitzuetara sarbidea lortzeko.
Tresna digital hori erabili gura dutenek NIK Patrika Digitala aplikazioa baino ez dute deskargatu behar, doan. Apple zein Android erabilita. Segurtasun-neurri beharrezko eta egokiei erantzunez, betekizun bakarra BakQ identifikazio elektronikoa da. Identifikazio hori ez badago, online edo aurrez aurre eska edo berritu daiteke.
NIK patrika digitala plastikozko txartel gisa eraman ohi diren dokumentuak eramateko eta aurkezteko zorro digital gisa balio du, eta horrek erosotasun, arintasun eta segurtasun handiagoa ematen du behar diren zerbitzuak eta izapideak jasotzerakoan.
Hala, edonork har ditzake bere akreditazio-txartelak (Osakidetza, Gaztetxartela, familia ugariaren txartela...) euskarri elektronikoan telefono mugikorraren barruan, NIK Patrika digitala aplikazioaren bidez. Aplikazioa deskargatu ondoren, telefono mugikorra erakusteko keinu bakar bategaz, dagokion zerbitzuan identifikatu ahal izango da.
Aplikazioak berak modu seguruan kontrolatzen du sarbidea, gailuaren beraren kode, hatz-marka digital edo aurpegi-azterketa biometrikoaren bidez. Horren ondorioz, tresna erabat segurua da, adibidez, gailu mugikorra lapurtzen bada.